“Hasieran, lanbide-esperientzia bat bezala hartu nuen esperientzia hau, baina orain hemen konturatu naiz hori baino askoz ere gehiago dela”. Agate Aguirre (Ermua, 21 urte) orain dela hiru hilabete joan zen Oradea-ra (Errumania) EBZko proiektu batean parte hartzera. Bukatu berri dituen ikasketekin, Hezkuntza Bereziarekin, lotura zuzena dauka proiektuak. “Bizitzaren edozein eremutan erabili daitezkeen gauza piloa ikasten ari naiz“, adierazi digu Agatek.

Zertan datza zure proiektua?

Proiektuaren izena The butterflies factory da eta bere helburu nagusia boluntarioen gaitasun pertsonalak ahalik eta gehien garatzea da, kasu honetan lan eremu diferenteetan egindako jardueren bitartez.

Eta zeintzuk dira lan eremu horiek?

Zazpi dira guztira. Lanean hasi baino lehen eremu guztiak bisitatu genituen gure inpresioak zeintzuk ziren ikusteko eta bakoitzak zer egin dezakegun jakiteko. Hauek dira eremuak:

– Esklerosi anizkoitzaren zentroa. Esklerosi anizkoitza duten pertsona helduentzako eguneko zentro bat da, eta bertan kirol jarduerak eta jokoak egiten ditugu.

Ador zentroa– Down-en sindromearen Ador zentroa. Gazte eta heldu ezinduentzako eguneko zentro bat da. Gehienek Down sindromea daukate. Egunero, jolasteko eta gimnasia egiteko uneak izaten dituzte. Beste alde batetik, kandelak egiteko tailer bat ere badute. Dawn zentroan lan egiten dugunok dantza-gala batean ere hartu dugu parte zentroko gazte eta nagusiekin.

– Ospitalean umeekin. Batez ere asistentzia lana da: zaindu, jaten eman eta abar. Ume gehienak gaixorik daude eta, beste batzuk, bertan utzi dituzte beraien gurasoek. Gehienak ijitoak dira. Oso interesgarria da lan hau, herrialdeak bizi duen errealitatea ezagutzeko aukera ematen duelako.

– Minunata Etxea, “Wonderful house”. Errumaniako ikastetxe aitzindari bat da. Bertan, ezgaitasunen bat duten haurrek eta ezgaitasunik ez dutenek elkarrekin ikasten dute. Oso integratzailea da proiektua. Eskolan giro askotarikoa sortzea eta ezgaitasunak era positiboan baloratzea da helburua.

– Herrixka. Jarduera hau berria da proiektuan eta Oradeatik hur dagoen herrixka batean kokatzen da. Gazteek, higiene ohiturak hartzen dituzten bitartean, jolasteko toki bat eduki dezaten sortu zen.

– Mugimen-ezgaitasunaren zentroa. Hauxe da proposatu diguten azken jarduera; oraintsu zabaldu da zentroa.

Poinar (Wikipedia)Hauexek dira ditugun lan aukera guztiak eta, hauen artean, boluntario bakoitzak bere lan plangintza egiten du, hau da, bakoitzak nahi duen tokian egiten du lan eta nahi dituen egunetan. Oso ondo dago hori, era horretan, gustukoen dugun tokian lan egiteko aukera daukagulako. Nik, adibidez, astelehen, asteazken eta ostiraletan Minunata Etxean egiten dut lan, eta astearte eta ostegunetan, Down zentroan.

Orduan, gazteekin eta nagusiekin egiten duzu lan, ezta?

Bai. Minunata Etxean autismoa duten umeekin nago klasean, eta oso pozik nago lanarekin laguntzen nagoen bitartean arlo profesionalean baliagarriak izango zaizkidan trebetasunak eskuratzen ari naizelako. Oso interesgarria da, inoiz ez dudalako holako haurrekin lanik egin, eta oso aberasgarria da. Beste alde batetik, Down zentroan, bertan daudenak nagusiak izanda, esperientzia sakonagoa da. Beraiek ere oso pozik daude gu han gaudelako. Motibatu egiten gaituzte eta jarduerak antolatzeko irrikan egoten gara. Ba, ikusten duzunez, ahal duguna egiten dugu denborak aurrera egiten duen neurrian, gauzak asmatzen. Boluntario gehienen lan orduak goizez dira, eta arratsaldeak libre ditugu beste gauza batzuk egiteko, bilerak, errumaniera ikasteko klaseak eta bakoitzaren aisialdia.

Imajinatzen dut ez zela erraza izango errumaniera bezalako hizkuntza batera moldatzea.

The Black Eagle Palace (Wikipedia)Hasieran oso urrunekoa egiten zaigu errumaniera, baina ez da horrenbestekoa jatorri latinoa duen hizkuntzaren bat hitz egiten dugunontzat. Hona heltzen zarenean ulertzeko ia ezinezkoa egiten zaizu. Astero birritan (ordu eta erdiz) errumaniera klaseak ditugu, bertako irakasle batek emanda. Hasieran oso oinarrizkoak ziren klaseak: zenbakiak, asteko egunak eta abar. Baina lanean hasi ginenetik zalantza gehiago sortzen zaizkigu eta guztion artean argitzen ditugu. Egia esateko, gehiago ikasten da eguneroko bizitzan klasean baino. Ni, egunero zerbait berria ikasten saiatzen naiz, lankideei hitz egiten entzun eta, denda edo bulego batera banoa, errumanieraz hitz egiten ahalegintzen naiz ingelesarekin hasi orduko. Jendeak benetan eskertzen du beraien hizkuntzan komunikatzeko ahalegina egitea.

Kontaiguzu zerbait Oradeari buruz. Zelakoa da hiria?

Oradea Errumaniako hiri handienetako bat da. Bihor eskualdean kokatuta eta Crisul ibaiak zeharkatzen du. Nabarmenena hiriaren erdigunea da, austrohungariarren ondareko eraikinekin. Asko interesatzen zait hemengo historia, baina oraindik ez dut larregi sakondu. Dena den, hiriaren jatorriko gotorlekua bisitatu dut dagoeneko. Gotorleku horretan dago kokatuta Arte Ederretako fakultatea. Hiri bizia da, baina era berean lasaia. Toki batetik bestera ibiltzeko jatorri alemana duen tranbia zaharra erabiltzen dugu. Eta gure etxebizitzak komunisten sasoiko bloke batzuetan daude kokatuta. Hasiera, heldu ginenean, pixka bat harrituta geratu ginen, baina oso gustura gaude bertan.

Oradea (Wikipedia)