Joan zen azaroan, Europako Batasunak bere lehendabiziko Gazteria Kontseilua ospatu zuen. Estatu kideetako gazteria ministroak Bruselan bildu ziren, Frantziako Gazteria ministro Bernard Laportek presidituta. Bilera horretan gazteria arloko bi dokumentu garrantzitsu adostu zuten:

1.- Gazteen osasunari buruzko ebazpena.
2.- Gazte boluntarioak Europan barrena mugitzeko gomendioa.

1.- Gazteen osasunari buruzko ebazpena. Europar ministroek azpimarratu dutenez, beharrezkoa da gazteak beren osasunarekin zerikusia duten gaietan aktiboki engaiatzea. Gehitu dutenez, “orokorrean Europako gazteen osasuna ona den arren, nutrizioa, jarduera fisikoa, alkohol gehiegia eta osasun mental eta sexualak kezka berezia sortzen dute”.

Gainera, ebatzi dutenez, “beharrezkoa da gazteak beren osasunarekin engaiatzen laguntzea eta beraien auto-estimua eta autonomia gehitzea; batez ere, bizitza osasuntsuaren eragin positiboaren eta osasunarekin lotutako arriskuen sentsibilizazio ekintzen bitartez”.

2.- Gazte boluntarioak Europan barrena mugitzeko gomendioa. Europako elkarteen artean sareak eta trukeak gauzatzearen beharrizana ikusten dute Europako ministroek, gazte boluntarioen mugikortasuna bultzatzeko. Era horretan, herrialde desberdinetako elkarteen arteko elkarlana hobetu egingo da eta, ondorioz, nahi duten gazte guztiek boluntario proiektuetan parte hartzeko aukera izango dute.

Gai honetan gehiago sakondu nahi baduzu, eskura dituzu (ingelesez) Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Ikus-Entzunezkoen Kontseiluaren lehendabiziko emaitzak.