Europar Batasunak hainbat gairi buruzko kontsultak jarri ditu abian on-line herritarren iritzia zuzenean ezagutzeko (ekonomia, enplegua, ingurumena, kultura, kirola, garapena, hezkuntza, justizia, osasuna… arlo guztiekin lotutako galdeketak kaleratu dituzte). Ekimen honekin, Europako agintariek, proposatzen dizkiguten galderak erantzunaz “Europako politikak modelatzen laguntzera” gonbidatzen digute. “Zure ikuspuntua ezagutu eta zure esperientziatik ikasi nahi dugu“, diote.

Beste gai batzuen artean, beraien inguruan garatzen diren Gazte Politikei buruz gazteek duten iritzia ere ezagutu nahi du Europar Batasunak. Horretarako, hainbat galdera proposatzen dizkigute, hauek bezalakoak:

-Zeintzuk dira zure ustez hurrengo hamarkadan gazteengan eragin gehien izango duten hamar erronka edo aukerak?

-Pozik al zaude zure herrialdean indarrean dauden bigarren mailako edo goi mailako hezkuntza sistemekin?

-Zer gehiago egin daiteke gazteak hobeto prestatzeko lana aurkitu dezaten?

-Uste duzu gazteek aukera nahiko dituztela gizartean eragina izateko?

Inkesta honen emaitzak Europan gazte politiken ardura duten pertsonei aurkeztuko zaizkie eta, pertsona hauek, jasotako datuak aintzat hartuko dituzte gazteei gizarteratzen laguntzeko, lana aurkitzeko eta komunitatean herritar aktibo gisa parte hartzeko neurri zehatzak taxutzeko garaian.

GazteakEkimen honekin, Europako Batzordeak gazteen arloan interesa duen orori kontsulta hau hedatzeko eta gazteen ahotsak entzunarazteko gonbita egiten dio. Gazte elkarteak, begiraleak eta gazteekiko gizarte lanean dihardutenak ere inkestaren hartzaileak dira. Inkesta Europar Batasuneko hizkuntza ofizial guztietan eskura daiteke.