Hasieran pixka bat kostatu zaion arren, badoa alemanari neurria hartzen. Ibai Guirlesek, orain dela gutxira arte beretzat guztiz ezezaguna izan den hizkuntza honekin bizi izan dituen peripeziak kontatu dizkigu bere azken mezuan:

“Hitz arraroak, osoak, akusatiboak, nominatiboak, der die, das, eine, keine… Holako zerbait da alemana, egunetik egunera gehiago gustatzen zaidan hizkuntza arraroa. Hiru aste daramazkit alemana ikasteko ikastaroak hartzen, baten batek maila aurreratu batean sartu ninduen arren. Gogoratzen dut lehen azterketan nire izen-abizenak eta “Guten tag Froilan” zakar bat baino ez nituela idatzi orrian, eta gainera ortografia akatsekin. Nik baino zertxobait gehiago (baina ez asko gehiago) zekitenekin jarri ninduten klasean. Hasi naiz pixka bat hitz egiten eta esaten didatena hala hola ulertzen. Atzo nire irakasleak galdetu zidan ea ezkonduta nagoen eta seme-alabarik daukadan. Jakina, badaezpada nik “ja” esan nuen, eta imajina ezazue nolako nahasmena sortu zen ikasgelan… Azken lau urteetan hizkuntza berri bi ikasi ditut: ingelesa EBZa egin nuen bitartean eta italiera Biriciclabile proiektuan lan egiten Italian. Dena bezala, ikasketa prozesu bat da, non ulertzen ez duzun eta txistu etengabe bat iruditzen zaizun lerro luze bat deszifratu behar duzu. Gero lerro hori egunero ikasten dituzun hitzekin banatzen hasten zara, eta era berean belarria egokitzen zoaz eta praktikatzen.

Praktikatzeko, Hanah nire lagunak eta nik metodo bi aurkitu ditugu. Bata, beti kafetegi berdinera joatea da daukagun ordu erdiko jolas orduan. Han, zerbitzaria ustekabean harrapatu eta gure aleman asmatuan hitz egin berarekin, klasean ikasitakoa praktikatuz. Zortea izan dugu, gure zerbitzaria jatorra delako eta, gainera, deskontutxo bat egiten digu Alemaniako kafe eskas eta garesti honetan. Baina, trukean, gure ‘alemanadekin’ barre egiten du. Bigarren metodoa, etxera itzultzean, autobusean aurkitzen ditugun alemanekin hitz egitea da. Hau ez da hain erraza, begiratu ere egiten ez dizutenak edota entzun eta lagundu egiten dizutenak aurki ditzakezulako. Bigarren esperimentu honekin lagun bi egin ditugu; gurekin batera hartzen dute autobusa eta 20 minutuz beraiekin praktikatzen dugu hizkuntza hau.

Kontuak kontu, ez dago inposiblea den hizkuntzarik. Animatzea eta jendearekin hitz egitea, hortxe dago koska. Atzerritarra izanda, hanka sartzeko eskubidea daukazu. Pertsona aproposa aurkitzen baduzu, guri gertatu zaigun bezala, bertako kultura erakutsiko dizun lagun bat lor dezakezu. Eta, edozein kasutan, kafe merkeago bat ere lor dezakezu, eta hori ere ez da gutxi”.