Europako Boluntariotza Zerbitzuan parte hartzen duten gazteek beraien esperientzia topera aprobetxatu nahi izaten dute. Eta horixe da Ainhoa Areitioren kasua ere. Zortzi hilabete daramatza Polonian, Varsoviatik hurbil dagoen Jozefow herrian, eta ikastetxe batean bazterketarako arazoa duten haurrekin egiten duen lanaz gain, orain, gaztelania klaseak ematen hasi da Varsoviako hizkuntza eskola batean.

Gainera, hil honetan, bere eskolan ospatuko duten “Euskal Herri eguna” antolatzen ere badabil. “Horretarako, bertotik bidali behar dizkidaten gauzen zain nago: Euskal Herriko argazkiak, nire euskal jantzia, janaria…”, azaldu digu Ainhoak.

“Ideia ezberdinak dauzkat buruan egun horretarako: Interneten polonieraz Euskal Herriari buruz aurkitu dudan informazioa inprimatuko dut eta, argazki ezberdinekin batera, hormetan eskegiko ditut. Euskal jokoak ere antolatzea pentsatu dut eta, nahiz eta behar ditudan materialik ez izan, antzekoak erabiliz konponduko naiz. Adibidez, txingen kasuan. Umeei dantzaren bat irakastea ere ondo egongo litzateke. Beharbada esku dantza… Musika euskaldun piloa daukat, hori behintzat ez da faltako. Janari tipikoren bat egitea gustatuko litzaidake, baina 100 baino gehiagorentzat… Ez dakit nik, zerbait okurrituko zaidalakoan nago… Beharbada txorizo eta gazta zerrak eta zerbait gehiago, ez dut nahi gehiegi konplikatzerik”, esan digu. Ea hurrengo mezuan ospakizun horren berri ematen digun.

Ainhoa Areitiok urtebetetze festa batean ateratako argazki bat ere bidali digu (hemen goian ikus dezakeguna).