Ibai Guirles kokatu da jada Tübingen (Alemania) inguruan. Gazteak Ekinean programaren eskutik prestakuntza ikastaro batean parte hartuko du bertan. Eta bere konpromisoa betez, Alemanian igaro dituen lehen egunei buruzko kontakizuna bidali digu:

“Nire txanda. Irribarrea ahoan eta pasaportea eskuan. “Egun on. Nora zoaz?”, galdetu dit fakturazioaren arduradunak. “Frankfurt Hahn-era”, erantzun diot. Bere eskumara prozesu guztia gainbegiratzen dabilen pertsona bat dago eta, erasanezin, adeitasunez esan dit lau kilotxo soberan daramazkidala eta 40 euro ordaindu beharko ditudala gehiegizko ekipajeagatik. Nire irribarreak eraginik ez duela sortzen ikusita, saiatu naiz eskatzen ea ezin duen ezikusiarena egin, denbora baterako noala… Baina check in-eko gizonak ez su sentitzen, burdinazkoa da, sorgorra ilusioekin, esperantzekin, hotza Alemanian… Ez dauka sentimendurik, eta nik ez daukat ordaintzeko dirurik. Bera eta ni aurrez-aurre. Ilaratik irten eta maletatik sudadera bi, eskuoihala, jaka lodia atera eta Michelinen bihurtu naiz. Azkenean berriz pisatu dut maleta eta 14,5 kilo ditu. Barruan nago.

Gaur nire seigarren eguna da Alemanian. Heidelberg-en egon naiz eta, lau urteren ostean, Elena nire lagun minarekin egon naiz. Hainbat legenda eta abentura gogoratu ditugu elkarrekin. Baina dibertigarriena atzo hasi zen. Tübingen-erako bidaiaren ostean, nire abegi-familia ezagutu nuen Buhl herritxoan, hiritik zazpi kilometrora. Espero nuena baino gehiago izan da, alemaniar familia abegitsua (beste post batean hitz egingo dut beraiei buruz) etxe zoragarri batekin, eta idazgela eta besaulki oso eroso bat eta guzti duen gela bat eman didate… zorte ona izan dut. Hanah-ri, nire etxetik hiru minutura bizi den Sevillako neska bati, 60. hamarkadako estiloa duen zulo bat tokatu zaio, plastikozko loreekin telebista gainean eta Guadalupeko birjina sarreran, gaur arratsaldean autobusean berak esan didanez. Orain, ohea nola egiten den ulertzea baino ez zait falta. Pixka bat arraroa da eta ohazal oso arraroak ditu. Egokitu zaidan nire amatxo alemaniarrari galdetu diot, baina alemaneraz eman dizkidan azalpenak ez ditut ulertu. Beraz, txurro bat eginda egin beharko dut lo berriz ere emakumeari ohea nola erabili ulertu arte…”