Paul Alkortak (27 urte) Frantziara joateko asmoa zuen lanena, “pixka bat nire bizimodua ateratzera”. Izan ere, gustukoak ditu bidaiak, abentura eta esperientzia berriak bizitzea, berak esan digun bezala “Bilbon jaiotakoa, Leioan bizitakoa eta, orain direla urte batzuetatik, munduko biztanle naizelako”.

Otsailaren erdi aldean Château-Gontier herrira heldu zen Paul. Frantzia ipar-mendebaldean, Mayenne eskualdean, kokatuta dagoen 15.000 biztanle inguruko herri txikia da. Bertan igaroko ditu hurrengo hamar hilabeteak EBZko boluntario proiektu batean parte hartzen.

Paulek kontatu digu jada zein den bere eginkizuna proiektu honetan: “Era guztietako egoiliarrak dauden aterpetxe batean egiten dut lan. Batzuek arazo fisikoak dituzte, beste batzuek arazo psikikoak, seme-alabak oso gazte izan eta mantendu ezin dituzten bikoteak ere badaude, lan eta ikasi aldi berean egiten duten gazteak… Nik animazio taldean hartzen dut parte eta gure lana gazteen jarraipena egitea da, ikustea zelan doazen beraien arazoekin. Era berean, animazio taldeak hainbat ekintza ere antolatzen ditu, bai kanpoko ekintza, aterpetxearen barruan, bidaiak… gazteek zeregina eduki dezaten edo beraien aisialdiaz disfrutatu dezaten”.

Aste gutxi batzuk baino ez daramatza Frantzian, eta badoa gutxika-gutxika bere lagun taldea zabaltzen: “Momentuz ezer gutxi esan dezaket hemengo jendeaz, baina nire lan taldekoak oso atseginak dira, jende majoa, eta egia esateko oso ondo hartu naute. Kanpoko jende askorik ez dut oraindik ezagutzen, baina bai nire lan taldeko lagunen lagunak, eta horiekin ere oso ondo”.

Seguru, laster, Paulen notizia gehiago izango dugula Château-Gontierretik (Frantzia).