Otsailaren erdira heldu garen arren, begira dezagun atzera eta buelta gaitezen Gabonetara. Izan ere, Axier Carrascok kontatu digu nola ospatzen diren Gabonak Edinburgon, Eskoziako hiriburuan, bere EBZ burutzen ari den tokian.

Diferentzia ugari eta antzekotasun batzuk daude hemen ezagutzen ditugun Gabonetatik Eskozian ospatzen dituztenetara. Axierrek azaldu digunez, “abenduaren 31ko gauean, hemen Edinburgon, jai handia ospatzen da Princes Street-eko kaleetan eta lorategietan, Edinburgh’s Hogmanay jaia. Beste alde batetik, rollo komertzial guzti hori (saltoki handiak, dendak…) Euskadiko edozein hiri edo udalerritan aurkitu dezakegunaren parekoa da. Baina, hemen, bitxiak iruditu zitzaizkidan gauzak ere aurkitu ditut. Hemen oso ohikoak dira koruak (handiak eta txikiak) GKEentzako edo ikastetxeentzako dirua biltzeko asmoz supermerkatuetan, kalean eta abar gabon kantak abesten dutenak”.

Eskoziako Gabonak-02“Hiriko argiztapena, orokorrean, nahiko desberdina da Euskadiko hirietakoarekin alderatuta. Eta etxeetan edozer aurki dezakezu… argi eta bolekin apaindutako zuhaitzetatik (ia guztiak naturalak), lorategietan edo balkoietan orein, gurdi eta guzti jartzen dituzten Papa Noel puzgarrietaraino (neurriz kanpokoak batzuk), edota argi nabarmenak beraien jabetza guztietan (pisu zein etxe), eta abar. Ez da ohikoa jaiotzak ipintzea. Guk plastilinazko bat egin genuen, Logroñoko boluntaria baten etxean jartzeko. Denbora asko igarotzen dugu elkarrekin, familia txiki bat bezalakoa gara. Hona Papa Noel etortzen da, eta ez Errege Magorik ez Olentzerorik”.

Guk gero eta gutxiago egiten dugun arren, eskoziarrek oraindik ere Gabonetan posta-txartelak bidaltzeko ohitura mantentzen dute: “Jendeak posta-txartel piloa bidaltzen eta jasotzen du. Peter, nire pisuko kideak, 60 edo 70 txartel jaso zituen. Gauza oso tipikoa da. Lankideen arteko afariak egitea ere tipikoa izaten da. Guk ere bat egin genuen, bidali dizkizudan argazkietan ikus dezakezun bezala”.

Eskoziako Gabonak-03Eta gastronomian ere desberdintasunak daude: “Hemengo janari tipikoa indioilarra da, barazkiekin (ilarrekin, azenarioekin, etab.) eta ahabien saltsaren antzeko zerbaitekin. Afaldu aurretik crackers izenekoak jartzen dituzte. Gozoki itxura dute eta barruan txano bat, txiste bat eta oparitxo bat daramate. Cracker hori zabaltzeko, mahaikidearekin, bakoitzak alde batetik tira egin behar du eztanda apurtu arte. Eztandatxo bat egiten du apurtzerakoan”.

Beste alde batetik, Axier Carrasco ilusioz beteta dago bere boluntariotza programarekin. “Aste honetan nire proiektu pertsonalarekin hasiko gara. Talde ekimen bat prestatu dugu eta onartu egin digute. Sei hilabeteko proiektua da eta lau gazterekin hilabeteko iraupena izango dituzten mini-proiektuetan egingo dugu lan baliabide bat erabiltzen ikasiz (argazkia, bideoa, kartelen diseinua, etab.) eta produktu bat sortuz. Gure asmoa baliabide gehiago ematea da beraien partaidetza hobetzeko. Oso interesgarria da, esango dizuet nola doan kontua”.

Eskoziako Gabonak-04