“Barnetegi baten antzeko ikastetxe baten nabil lanean haurrekin, Varsoviatik hurbil… esperientzia bikaina ari naiz bizitzen”. Horiek izan dira Ainhoa Areitiok (27 urte, Maruri, Bizkaia) helarazi dizkigun lehen inpresioak. Europako Boluntariotza Zerbitzuaren bitartez Polonia aldera abiatu zen Ainhoa 2007ko irailaren 14an, eta ikusten dugun bezala, oso gustura dago.

Boluntario bezala duen eginkizunari buruzko zehaztasun gehiago ere eman dizkigu: “Giza bazterketarako arriskua duten umeekin egiten dut lan barnetegi batean. Gehienak emozio arazo handiak dituzte beraien etxeetan dauzkaten arazoengatik: guraso alkoholikoak, oso txiroak… Orokorrean maitasun falta handia daukate eta gabezi hori betetzen saiatzen gara. Goizetan, berton barnetegian dagoen eskolara joaten naiz beraiekin, irakasle laguntzaile bezala. Normalean, ume txikien taldearekin egiten dut lan, hizkuntz zailtasunak gainditzea beraiekin errazagoa izaten delako. Arratsaldeetan euren geletara joaten naiz jolastera, etxeko lanak egiten laguntzera, edota arte eginkizun ezberdinak betetzera. Aste honetan adibidez, antzerki klaseak ematen hasi naiz eta erantzun ezin hobea jaso dut beraiengandik”.

Jozefow herrian

Ainhoa Areitio_02.jpgEuropa Erdialdean dago kokatuta Polonia eta bere hiriburua Varsovia da. Handik kilometro gutxira Jozefow herria aurki dezakegu, eta hango Michaline auzoan bizi da Ainhoa Areitio: “Herri txikia da, jendea Varsovian lan egin ondoren bertara lo egitera soilik joaten den horietakoa. Etxe bakarrak, euren lorategi, txakur eta harresiz inguratuak. Supermerkatu bat, asiar janari merkea saltzen duen jatetxea, poloniar posta zentroa eta oraintsu ireki duten pizzeri ezin hobea. Horretan laburbil daiteke nire herria, hori eta zuhaitz asko edonon. Ez dago herri bizirik eta elkartzen diren une bakarrak elizara joateko izaten da, oso erlijiosoak baitira hemendik“.

Hala ere, Varsoviako hirigunetik ordu erdira bizi da Ainhoa. “Bertan daude zinemak, antzerkiak, tabernak… eta baiezta dezaket Poloniako hiriburuak daukan festarako izen ona“. Poloniak klima hotza dauka, eta poloniarrak ere izaeraz nahiko hotzak dira antza. “Hemengo jendea orokorrean nahiko zarratua dela esango nuke, asko kostatzen zaie irekitzea eta hizkuntz arazoa oztopo gaindiezina bihurtzen dute askotan. Gero eta gazte gehiagok hitz egiten dute ingelesez, baina askok mantentzen dute errusiera bigarren hizkuntz moduan. Hau horrela izanda ere, lagun handiak egin ditut hemen eta polonieraz konpontzen hasten naizen heinean, jende gehiago ezagutzeko aukera izango dut”.

Ea hurrengo mezuan zerbait idazten digun polonieraz Ainhoak.

Ainhoa Areitio_03.jpg

Ainhoa Areitio_04.jpg

Ainhoa Areitio_05.jpg