Ziurrenik gutariko askorentzat Eslovakia herrialde ezezaguna da edo, gutxienez, ez da ezagunegia. Europaren erdialdeko herrialde honek 50.000 kilometro karratu eskaseko azalera dauka eta 425.000 bizilagun.

Bertan dago Gorka Corres (Vitoria-Gasteiz, 25 urte) EBZren bitartez boluntario bezala lan egiten. Berak azaldu digun bezala, “toki menditsu batean kokatuta dagoen komunitate batean nago, Lietavská Svinná herriaren -1.300 bizilagun ditu- ondoan dago Zilinatik zazpi kilometrora. Hiri hau herrialdearen iparraldean dago, nazioarteko trafikoarentzako bide gurutzea da, Eslovakiako hiriburua den Bratislavatik 200 kilometrora dago. Poloniaren eta Txekiar Errepublikaren mugetatik 50 kilometrora ere badago”.

Gasteiztar gazte hau joan zen irailetik dabil Ekoskanzen elkartearentzako lan egiten. Elkarte honek hiru arlotan egiten du lan: eskualdeko turismoa sustatzen du “Ekoskanzen-ko ekomuseoa” bezalako ekimenekin, eraikinak zaharberritzen ditu, eta jende guztiarentzako kultur ekintzak antolatzen ditu. Nabarmendu behar da, baita ere, haurrentzako aisialdirako ekimenak eta udalekuak ere egiten dituztela.

Gorkaren eguneroko lana goizeko 7:30etan hasten da. “Ukuilua garbitzen eta hipoterapia egiten duten zaldiak eta ponya elikatzen eta beraien apoak garbitzen hasten dugu eguna. Une honetan lau boluntario gara lan hau egiten gabiltzanak txandaka, egun bakoitzean bat”.

Gero, goizeko bederatzietan, gosaltzera indarberritzeko: kafe irakin katilukada on bat, zukuarekin eta, nola ez, gurina, marmelada eta ogiarekin.

Gosaldu ostean, proiektuko lanetan buru-belarri sartzeko ordua heltzen da. “Gaur egun, lanorduen zatirik handiena -5 ordu- eskala txikiko zementuzko gazteluak egiten gabiltza. Hala ere, horra heldu aurretik, erakutsi nahi diren gazteluen aukeraketa egin behar da; gero, aukeratutakoak paperean proiektatu behar dira; eta azkenik, forma eman eta margotu behar dira erakusketan ipintzeko. Lan ordu horien barruan ordu bete daukagu bazkaltzeko eta, beraz, arratsaldeko lauretan bukatzen dugu lana”.

EBZ programan parte hartzen duten boluntarioen artean ohikoa den bezala, Gorkak ere eslovakiera klaseak jasotzen ditu -astean egun bitan- eta baita tokiko historiari buruzkoak ere. Hasierako ikastaro honek hiru hilabeteko iraupena izaten du, baina behin epe hori igarota luzatu ere egin daiteke gazteen eta harrerako elkartearen artean adostasuna izanez gero.

Gazte honek etorkizunari begira dituen asmoetako bat hipoterapiaren bitartez haur ezgaituekin lan egitea da, hau da, zaldiekin ariketa batzuk egitea. Kontatuko digu.

Gorka Corres - Eslovaquia_02 Gorka Corres - Eslovaquia_03

Gorka Corres - Eslovaquia_06