Aspaldian ez dugu blog honetara ekarri Europako Boluntariotza Zerbitzuan (EBZ) parte hartzen dabiltzan euskal gazteen esperientziarik. Ba, une aproposa da honako hau atal hori berreskuratzeko. Izan ere, EBZak ez du atsedenik hartzen, urte osoan martxan dagoen egitasmoa da.

Adibidez, Agurtzane Pinedo (Vitoria-Gasteiz, 24 urte) gazteari aste gutxi batzuk baino ez zaizkio falta bere boluntariotza proiektua bukatzeko. Gasteiztar gazte hau joan zen apirilean heldu zen Cataniara (Sizilia, Italia) Marco Montalbano Fundazioarekin lan egiteko. Helburua, gazteen artean ikusmina sortzea eta irakurzaletasuna bultzatzea zen. Horretarako, diseinua eta komikien sorkuntza ari dira tresna bezala erabiltzen.

Agurtzanek posta elektronikoz esan digu beste boluntario batzuekin ari dela pisua konpartitzen: “Frantzia, Holanda, Suitza, Lituania eta Danimarkako beste boluntario batzuekin bizi naiz, Cataniaren erdigunean. Hiri hau oso polita da eta Europako sumendirik handiena eta munduko sumendirik aktiboenetako bat den Etna-ren oinetan dago (3.323 metroko altuera dauka Etnak)”.

Cataniaren adierazgarri nagusietako bi gazte asko dituela eta kultura artekotasuna direla gaineratu digu Agurtzanek. “Cataniak ezbehar txiki bat izan zuen Etna sumendiarekin (1669an erupzioan sartu zen, ia hiri osoa irakiten zegoen labaz estalita geratu zen eta 12.000 pertsona inguru hil ziren) eta, hori dela eta, arkitektonikoki berrituta dago barroko estiloan. Urte askotan bertan behera utzita egon den arren, gaur egungo Catania ‘modernoak’ edertasun neurtua dauka labaren harri koloreaz arinduta… tira, zoratzen nauen puntu dekadente bat dauka!!! Hiri honi buruz zerbait negatiboa esatearren, gauza bi azpimarratu beharko lirateke: langabezia %30era heltzen dela eta mafia, existitu existitzen dela“.

Marco Montalbano Fundazioa

Lehenago aitatu dugun bezala, Agurtzane Pinedo Marco Montalbano Fundazioan ari da bere boluntariotza zerbitzua burutzen. Fundazio hau 1990. urtean sortu zuen senar-emazte batek 15 urterekin trafiko istripuan hildako beraien semea gogoratzeko. Gaztetxoa, Marco, margolari ospetsu baten semea zen (Paolo Montalbanoren semea) eta txikitatik oso gustuko zuen komikiak diseinatzea eta sortzea. Bere heriotzaren ostean, Marcoren gurasoek Viagranden (Cataniatik 15 kilometrotara dagoen herri batean) komikiei buruzko liburutegi bat zabaltzea erabaki zuten, Marcoren memoriak bizirik iraun dezan. Estatuko laguntzekin, diseinatzaileek emandakoarekin eta fundazioa bera batzen joan denarekin, gaur egun Italiako eta baita ere mundu osoko komiki bilduma anitza biltzea lortu dute.

Agurtzane boluntario bezala egiten ari den lana liburutegia txukundu, garbitu eta berrantolatzean datza, batez ere. Baina, horretaz gain, erakusketen antolaketan laguntzen du, diseinuari eta liburuen katalogazioari buruzko ikastaroetan parte hartzen du, 7tik 12 urtera arteko gazteei zuzendutako komikien diseinuari eta adierazpen artistikoari buruzko ikastaroak prestatu ditu… Azken batean, eremu artistiko desberdinetan egiten du lan (idazketa, irakurketa, diseinua, dekorazioa, gorputz-espresioa…).

Gasteiztar gazteak, adibide bezala, laster burutuko duten ekimen baten berri eman digu: “Gazte bakoitzak istorio bat idatziko du eta bere ‘story board’-a ere egingo dugu. Hortik aurrera, komikiaren historiari buruzko azalpentxo bat emango diegu, komiki mota desberdinak aurkeztuz eta diseinuaren oinarrietan sakonduz (plano desberdinak, enkoadratzeak, testua nola txertatu, espresioak, kolorea, perspektiba, proportzioak…).

Komikia bukatu ondoren, eszenara eraman nahi dugu. Horretarako, collage batekin egingo dugu dekoratua istorioa bertan antzezteko. Jantziak eta karakterizazioa ere diseinatuko ditugu. Rolak banatuko ditugu gorputz-espresioarekin eta interpretazioarekin hasiko gara lanean. Guzti hau prest dagoenean, publikoaren aurrean gure lanaren erakustaldia egin nahi dugu, hau da, gazteek idatzi dituzten istorioen, diseinatu dituzten komikien eta prestatu dugun antzezlanaren erakustaldia”.