Ikasturte berriarekin trukeei buruzko informazioa jasotzen eta ematen jarraituko dugu, sarritan esan dugun bezala, azken aldian asko eta oso interesgarriak antolatzen direlako.

Abuztuaren 8tik 18ra Euskadiko 8 gazte, 3 mutil eta 5 neska, Bristolen (Ingalaterra) izan dira Peacefest 2007 ekimenean parte hartzen, Malta, Bosnia, Kuba, Israel, Palestina, Txetxenia, Albania, Polonia eta Espainiako beste gazte batzuekin batera.

Ekimen honen helburua, batez ere, gazteei nazioarteko gatazken inguruko informazioa ematea eta hauekiko sentsibilizazioa sustatzea zen. Hain zuzen ere, aztertu zituzten gatazkak Kuba, Bosnia, Israel-Palestina, Txetxenia eta Irakekoak izan ziren.

Hamar egun hauetan, partaideek hainbat ekimen burutu zituzten, besteak beste, bakearen aldeko manifestazioak, kultura arteko dantza eta janari tailerrak, nazioarteko toki ezberdinetan gertaturiko gatazketan gazteek izan dituzten bizipenen aurkezpena, mahai-inguruak, hitzaldiak, antzerkia

Euskaditik Bristolera joan diren gazteak oso pozik eta gustura agertu dira esperientziarekin. Iratik aitortu digunez, “hamar egun hauek oso interesgarriak izan dira. Pena merezi duen jende piloa aurkitu dut. Beste kultura batzuei buruzko eta nazioarteko gatazkei buruzko kontu piloa ikasi dut. Mundu guztia animatzen dut holako ekimen edo truke batean parte hartzera”. Eta ez da gutxiagorako.