Konturatu al zarete? Urola eta Katuin ibaiak garbiago daude. Normala da, Tulle (Frantzia), Gerswalde (Alemania) eta Azkoitiko (Euskadi) 21 gazte uztailaren 18tik 21era hondakinak garbitzen eta erreka bien arteko konparaketa egiten ibili direlako osasungarritasunaren eta giza eraginaren ikuspuntutik.

Orain egun batzuk iragarri genuen bezala, gazte hauek Txintxer elkarteak antolatu duen “Elkar sentituz” izeneko truke batean hartu dute parte hamabi egunez.

Helburua, kultura desberdinetako gazteen arteko harremanak bultzatzea eta ingurumenaren aldeko ekimenak egitea izan da. Bitxikeri bezala, ibaietan batu duten zaborra, birziklatu ondoren, eskulturak egin dituzte eta eskultura horiek Azkoitiko plazan ospatu duten jai batean erakutsi dituzte erakusketan.

Eta guzti hau gutxi balitz, kirola, jokoak eta bestelako aktibitateak egiteko astia ere izan dute. Besteak beste, surf, piragua, esku pilota, paint-ball, eskulanak, dantza, Euskadiko hainbat toki ezagutzeko txangoak… eta abar luze bat egin dituzte Frantzia, Alemania eta Euskadiko gazte hauek Azkoitian.