Inbidia pixka bat emateko (gaiztoak gara, ezta?) datorren astean, uztailaren 17tik 28ra, Azkoitian egingo den truke baten berri emango dizugu. “Elkar sentituz” da trukearen izenburua eta Tulle (Frantzia), Gerswalde (Alemania) eta Azkoitiko (Euskadi) 21 gazte Gipuzkoako herri honetan elkartuko dira hamabi egunez.

Kultura desberdinetako gazteen arteko harremanak bultzatzeaz gain, ingurumenaren aldeko ekimenak ere egingo dituzte. Adibidez, Urola ibaia eta Katuin errekatxoaren arteko konparaketa egingo dute osasungarritasunaren eta giza eraginaren arabera. Horretarako, laginak hartu eta etiketatu egingo dituzte. Gainera, Urola ibaia eta bere inguruak garbitu egingo dituzte eta, ondoren, batutako zaborra birziklatu eta eskulturak egingo dituzte zaborrarekin. Eskultura horiek Azkoitiako plazan ospatuko duten jai batean erakutsiko dituzte erakusketan. Eta, azkenik, Reynutria japonica landara inbaditzailea kendu eta suntsituko dute.

Eta hau gutxi balitz, kirola, jokoak eta bestelako aktibitateak egiteko ere astia izango dute. Besteak beste, surf, piragua, esku pilota, paint-ball, eskulanak, dantza, Euskadiko hainbat toki ezagutzeko txangoak… eta abar luze bat egingo dituzte Frantzia, Alemania eta Euskadiko gazte hauek Azkoitian.

Seguru trukea bukatu ondoren (eta inbidia gehiago emateko) argazki batzuk bidaliko dizkigutela beraien esperientzia erakusteko.