Joan zen urteko irailaren 1etik Israel Gallardo gasteiztarra Kalmar (Suedia) hirian dago musikarekin estu-estu lotuta dagoen boluntariotza egitasmo batean parte hartzen. Berarekin bat egin dugu email bidez eta gauza oso interesgarriak kontatu dizkigu.

Hasteko galdetu diogu ea zelan erabaki zuen boluntariotza programen abenturan murgiltzea. Hauxe da esan diguna:

“Ez nuen askorik behar izan denbora batez joateko erabakia hartzeko. Karrera bukatu berri nuen (Historia) eta, egia esateko, gremioa nahiko saturatuta dago. Beraz, urtebetez erdipurdiko kontuetan lanean ibili ondoren, egunkari batean irakurri nuen “El Campillo” gizarte-etxean kokatuta dagoen Erdi elkarteak (uste dut hori zela bere izena) Europako Boluntariotza programekin zerikusia duen guztia tramitatzen zuela. Beraiengana joan nintzen, baina denbora batez gestioak egiten, proiektuak ikuskatzen eta abar ibili ondoren esan zidaten ez zutela gai honetan lanean jarraituko, eta beste elkarte bat aurkeztu zidaten.

Elkarte hori Tangram da. Elkarrizketa bat izan nuen elkarte horretakoekin eta aurrera egitea eta nik aukeratu nuen herrialdeko harrera-elkarteetara emailak bidaltzen hastea erabaki genuen. Azkenean, horietako batek interesa jarri zuen nigan. Hortik aurrera papeleoarekin jarraitu genuen, curriculuma dela, motibazio eskutitzak (motivation letters) proiektu horren azalpenak emateko eta abar… Niretzat oso erraza izan zen proiektuaren aukeraketa: batetik, argi nuen Suediara joan nahi nuela eta, bestetik, pertsonekin zerikusia duten proiektuak nagusitzen dira eta, hauen artean, nire izaerara, nire zaletasunetara eta nire beharrizanetara gehien hurreratzen zena aukeratu nuen. Proiektu hau musikarekin eta gazteekin lotuta dago. Primeran, ezin hobeto etorri zitzaidan”.

Bere proiektuari buruzko detaileak emateko ere eskatu diogu Israeli:

“Izatez, nire proiektua gazteentzako zentro bitan gauzatzen da. Lehenengoa musika zentro bat da. Bertan, kantu, gitarra, baxu edota bateria klaseak ematen dira, kontzertuak eskaintzen dira, entseatzeko lokalak eta musika estudioak daude. Eta bestea gazteentzako zentroa da, etorkinen auzo batean, Kalmar hiriaren kanpoaldean. Auzoaren izena Norrliden da eta bertan bizi diren gehienak gerra-errefuxiatuak dira, Afganistan, Irak, Somalia, Bosnia eta abarretik etorritakoak. Gazteen zentro hauek “fritidsgard” deitzen dira, Suediako gobernuak duela berrogeita hamar urte baino gehiagotik hona indarrean duen hezkuntza politikaren barnean daude. Ikastetxeenak diren aisialdirako guneak dira. Goizetan, ikastetxe horretako ikasleak bakarrik joaten dira, eta gero, arratsaldeetan, gazte guztientzat daude zabalik. Egia esateko, oso ondo daude pentsatuta, herrialde honek duen klima ikusita edonor dagoelako kalean. Bertan, gazteek, ping-pong mahaiak, futbolinak, billarrak, play-station eta abar dituzte. Gizarte-etxeen antzekoak dira”.

Zehatz esanda, hauxe da egiten duen lana:

“Nire eginkizuna zentro bietara lotuta dago. Lehenengoan, musika zentroan, bertako musika irakasleek zelan egiten duten lan ikasten hasi nintzen eta, era berean, grabazioak egitekok ordenadore programa bat duen estudio txiki batean lan egiten nuen. Gero, prestakuntza epe baten ostean, gazteen zentroan hasi nintzen lan egiten. Han, pixka bat, aisialdiko monitore lana egiten nuen. Gazteekin jolasten dut eta musika ere jotzen dugu entseatzeko lokal txiki batean. Instrumentuak erabiltzen irakasten diet, musika irakaslea banintz bezala, nahiz eta ez izan ja, ja, ja, ja, ja… baina beno, musika taldeak antolatzea eta gazteak musikara hurreratzea zen asmoa, gero, interesik badute, musika eskola horretara joan daitezen. Denborarekin nire proiektuak aurrera eramaten joan naiz, afrikar perkusioaren tailerrak Djembe-ekin. Lituaniako beste boluntario batek laguntzen zidan tailer honetan. Orain, Gasteizi buruzko erakusketa bat prestatzen nabil, hainbat musika talde antolatu ditut, musika zentroko estudioan maketatxo bat ere grabatuko dugu…”.

Hola igarotzen du egun bat Israelek Kalmar hirian (Suedia):

En Estocolmo“Egia esateko, Suedian sei hilabetez egon ondoren, egun bakoitza desberdina den puntu batera heldu naizela. Gainera, ordutegi nahiko malgua daukat. Gazteen zentroan, ofizialki, astean hiru egunetan bakarrik egiten dut lan, baina taldeen entseguekin egun gehiagotan joaten naiz astean zehar. Gainerako denbora guztia nik nahi dudana egiteko erabili dezaket. Denbora asko iragotzen dut liburutegian, hainbat arrazoirengatik: han bakarrik erabili dezaket Internet eta suediera ikasten nabil. Suediera ikasteko klaseak ditugun arren, nire kontura ere banabil ikasten, hizkuntzak gustatzen zaizkit. Eta gauean estudiora joaten naiz lanera, etxetik bost minutura daukat. Gauetan ez dago inor entseatzen, beraz estudioan lan egiteko unerik aproposena da. Nik egindako kantuak grabatzen ditut eta grabaziorako programarekin praktikatzen dut (informatikan ez naiz trebeegia je, je, je…). Kirol asko ere egiten dut, argia eskasa den holako herrialde batean aukera bi dituzulako: edo mugitzen zara eta kontsumitu egiten zara. Beraz, igerilekura edo patinatzera joaten naiz. Eta asteburuetan Kalmar-en bizi diren beste boluntario batzuekin bidaiatzeko aprobetxatzen dut, eta horrela Suedian zehar dauden beste boluntario batzuk ere ezagutzen ditugu. Egia esateko, egutegian egunak falta zaizkit sortzen diren gauza guztiak egiteko. Hala ere, horrek, beharbada, egokitzeko behar diren eta nahiko gogorrak eta beharrezkoak diren egunak orekatu egiten ditu, batez ere hain jende hotza duen holako herrialde hotz batean”.

Hurrengo batean, Israel Klamar hirian egiten ari den egonaldiari buruzko detaile interesgarri gehiago ezagutzeko aukera izango dugu.