Raquel Cortes eta Sergio Perez 25 urteko gasteiztar bi dira. Joan zen urtarrilaren 11an heldu ziren Argentinatik sei hilabetez boluntariotza programa batean parte hartzen ibili ondoren. Biek dituzte FP2-ko sormenezko argazkigintzari buruzko goi mailako ikasketak eginda. Boluntario moduan, beraien eginkizuna, Buenos Airesko auzo marjinatuenetako bat den Ciudad Ocultako gazteekin argazkien bitartez adierazpen eta sormen gune bat sortzea izan da. Beraiekin egon gara bizi izan duten esperientzia ezagutzeko.

Zelan sortu zitzaizuen boluntariotza programa batean parte hartzeko ideia?

Raquel Cortes: Nire ahizpak eman zidan programa hauen berri. Egunkari bateko iragarki batean irakurri zuen Eusko Jaurlaritzak 25 urte arteko gazteei dirulaguntzak ematen zizkietela boluntariotza programetan parte hartu dezaten. Herrialde bat eta fundazio bat aukeratu behar ziren lan egiteko eta bidalketa-elkarte bat arduratu behar zen guztiaz. Gure kasuan Tangram izan zen.

Sergio Perez: Nik Raquelen bitartez izan nuen guzti honen berri.

Hortik aurrera, ze pausu eman behar izan duzue?

R.C.: Hasteko detaile guztietaz enteratu ginen. Esan ziguten dirulaguntza honek gastu guztiak jasotzen zituela bere gain, joan-etorriko bidaia, ostatua, garraioa, mantenua eta, gainera, gastu pertsonaletarako diru kopuru bat ere sartzen zen. Nik hasieran usten nuen boluntariotzaren kontu horretan lan sozialak bakarrik sartzen zirela, hezitzaile soziala edo gizarte-langilea izan behar zinala… era horretako lanekin lotzen nuen. Baina ez da hola. Esan ziguten diziplina artistikoren batekin lan egiten zuen fundazioren bat aurkitzen bagenuen hori ere egin genezakeela. Eta bilatzen hasi ginen.

S.P.: Europako Boluntariotza Zerbitzuak aurretik Europako hainbat fundazioekin antolatutako egitasmo zehatz batzuk dauzka, eta horietan badakizu ze motatako lana egin behar duzun, ze ordutegi izango duzun… guztia. Baina guk Hegoamerikara joan nahi genuen eta guk aurkitu behar izan dugu harrera-fundazioa.

Eta zelan aurkitu zenuten fundazio hori?

S.P.: Interneten begiratzen hasi ginen eta argazkigintzaren bitartez laguntza soziala ematen duten hainbat elkarte aurkitu genituen. Lan proposamen bat bidali genien bakoitzaren beharrizanen arabera, eta Argentinako Ph15 Fundazioak begikotasunez erantzun zigun esanaz interes handia zutela gure proposamenean.

Zer uste zenuten aurkituko zenutela?

R.C.: Aurretik bagenekien zein zen fundazio honen eginkizuna. Arlo sozialean egiten du lan, hiriko gazteekin, eta hori interesgarriagoa zen guretzako Norvegian edo Alemanian ikusi genituen beste proiektu batzuekin alderatuta, hauek azken batean gazteentzako eskolaz kanpoko jarduerak baino ez zirelako. Horregatik, gutxi gora behera bagenekien zer zen aurkituko genuena, nahiz eta gero errealitatea beti da pixka bat desberdina.

S.P.: Nik boluntariotzari buruz aldez aurreko iritzia neukan. Uste nuen lan sozialekin lotuta zeudela, Afrikako herrialdeetan egiten diren auzolandegiak edo holako zerbait… Horregatik inoiz ez du nire arreta piztu. Gero, egitaraua ikusi nuenean eta aukera pila zegoela ikusi nuenean oso interesgarria iruditu zitzaidan, era guztietako gaiak landu daitezkeelako, kirol arlokoak, kultur arlokoak, artistikoak… edonoren interesa piztu dezaketen kontu pila daude.

Argentinan zein izan zen zuen eginkizuna?

S.P.: Larunbat guztietan Buenos Airesko auzo bat den Ciudad Ocultako gazteekin tailer bat egiten genuen. Hori larunbat goizetan izaten zen. Eta astean zehar fundazioari sortzen zitzaizkion beharrizanetara egokitzen ginen. Astelehenetan gazteen lana aztertzeko batzartzen ginen eta, hortik aurrera, era guztietako lanak egiten laguntzen genuen, Flash bidezko aurkezpenak, artxibategiak ordenatu, erakusketak atontzen lagundu, laborategian kopiak egin… pixka bat denetarik. Horregatik ez genuen aurretik ezarritako ordutegirik.

R.C.: Nik sormenezko idazkera tailer bat ematen nuen argazkiekin lotuta. Niretzat ere gauza berria izan da. Ph15 Fundazioak idazketa eta argazkigintza elkarrekin lotzeko aukera eman dit, eta ondo atera da. Hortik aparte, Sergiok esan duen bezala, %100ean geunden prest edozertarako, baina gure eginkizun nagusia tailerra zen. Adin guztietako gazteak geneuzkan, 14 edo 15 urtetik 28 urtera arteko gazteak.

Gazteek interesa jartzen zuten argazkigintzan?

S.P.: Bai. Fundazioak erabili eta botatzeko argazki kamerak ematen zizkieten baldintza bakar batekin: astebetean karrete oso bat argazki ateratzea. Gero, klasean, argazkiak aukeratzen zituzten, handitu, argazki bategatik edo besteagatik galdetzen ziguten… Hori lehenengo urtean. Gero, bigarren urtekoek teknika desberdinak ikasten dituzte. Ni, adibidez, nagusiekin nengoen eta argazkigintza digitala irakatsi nien, Photoshop-ekin fotomuntaiak egiten.

Ciudad Oculta Buenos Airesko auzo marjinatuenetako bat da. Beraz, lan egiten zenuten tokia ez zen edozein toki.

S.P.: Bai, hala da. Buenos Aires hainbat auzoz edo ‘villa’-z inguratuta dago, favela antzekoak dira. Oso auzo marjinalak dira eta ez daukate izenik ere, zenbakiak besterik ez dituzte: ‘villa uno’, ‘villa dos’, ‘villa tres’… Gurea ‘villa quince’ zen eta Ciudad Oculta ere deitzen diote, Argentinan munduko futbol txapelketa jokatu zenean hesiekin ezkutatu zutelako auzoa ikusi ez dadin. Eta han dagoena zera da, adreiluz egindako etxeak, guztiak elkarren ondoan, pasabide estuak, ez dago estolderiarik…

Ciudad Ocultan bizi zineten?

R.C.: Ez, ez. Bizitzeko toki nahiko arriskutsua da. Guk han lan egiten genuen, baina Buenos Airesen bizi ginen. Hasieran Buenos Airesko tokirik onenean, han inguruan dagoelako fundazioaren bulegoa. Hiriaren egunerokotasunera moldatu ginenean alde zaharrera aldatu ginen, San Telmora, eta han ere oso ondo bizi ginen.

Zelako harrera izan zenuten argentinarren aldetik?

R.C.: Ni inpresio orokor batekin gelditu nintzen, hau da, Buenos Airesko jendea oso irekia, oso maitekorra eta adeitsua dela… oso familiarrak dira, laster batean gonbidatzen zaituzte afaltzera edo edozertara… oso desberdinak dira hemengo jendearekin alderatuta.

S.P.: Eta gazteekin gauza bera gertatzen zen. Inork esaten ez badizu inoiz ez zenituzke imajinatuko gazte hauek atzean dituzten istorioak: suizidioak, drogak, abandonuak… denetarik. Baia, hala ere, oso hurkoak dira eta oso pozik joaten ziren tailerretara, bromak egiten… hemengo edozein gazte bezala, edo beharbada zoriontsuago. Gero, bizi izan dutena kontatzen dizute, eta aluzinantea da.

Beste boluntario batzuekin harremanik izan duzue?

R.C.: Gu heldu ginenean bi edo hiru hilabete gehiago egoteko asmoa zuen mutil bat zegoen. Bestalde, boluntario edo laguntzaile argentinarrak ere bazeuden. Fundazioan lan egiten zuten ia guztiak boluntarioak ziren, soldatadun bi edo hiru izan ezik. Baina ez dugu boluntariotza programetan parte hartu duen Euskadiko beste gazterik ezagutzen. Badakigu mutil bat Suedian zegoela, baina ez dugu ezagutzen. Ez dago ezelango harremanik boluntarioen artean.

Zer suposatu du zuentzat esperientzia honek?

S.P.: Etxetik ateratzea eta sei hilabetetan kanpoan bizitzen egotea aberasgarria da arlo askotan. Beti da positiboa, bai boluntario moduan joan edo beste edozer egiten egon. Ona da giroz aldatzea eta beste errealitate batzuk ezagutu, beste kultura batzuk… Gero, jakina, zure egun onak eta txarrak dituzu.

R.C.: Mundu guztiari gomendatuko nioke esperientzia hau. Boluntarioak oso baldintza onetan bizi gara proiektua gauzatzen gabiltzan bitartean. Ez dizute ordaintzen lan egiteagatik, baina hilabete horietan bizitzeko behar duzun guztia ordaintzen dizute, beraz, ez duzu beste ezer gehiago behar. Gainera, nire kasuan, itzela izan da villa-ko gazteekin bizi izan dudan esperientzia. Uste dut pila bat heldu naizela arlo askotan. Nire egonaldia sei hilabete gehiago luzatu nahi izan nuen baina, ahalegindu nintzen arren, ezinezkoa izan da.

Eta hemendik aurrera zer?

R.C.: Orain, martxoan, Madrilgo Teatralia festibalean egingo dut lan tailer batzuetan. Eta gero argazkigintzari buruzko master bat egin nahi dut Madrilen bertan, gogo itzela daukat hasteko.

S.P.: Nik ere Teatralia festibalean egingo dut lan erakusketa batzuk prestatzen eta, ondoren, uztailera arte master bat egitea daukat aurreikusita, ikasten jarraitzeko.